Klasean jazarpenaz (bullying-az) hitz egiteko modu bat

Jazarpena gai zaila bezain ezinbestekoa da eskolatan aztertzeko. Gaumin sormen-etxean badira horren inguruko liburu batzuk. Horretaz zuzen-zuzenean, hauxe: Zauri ezkutuak, bullying-a eskolan. Besteren batek ere bazterketa du hizpide nagusietako bat: Izuaren Pasabidea liburuak.

Hemen duzue gaiaz diharduen bideoa, eta hura ikasgelan lantzeko “trikimailu” bat: serieak erabiltzea. Esate baterako, berri samarra den hauxe: 13 arrazoi (13 reasons why).

 

Yoseba Peñari elkarrizketa El Correo-n, “Kaosaren ederra” liburuaz

Yoseba Peña idazleari elkarrizketa egin diote El Correo egunkarian, “Kaosaren ederra” liburuari buruz.

Yoseba Peñari egindako elkarrizketa jatorrizkotik zuzenean irakurtzeko, hementxe sakatu

Hauxe elkarrizketa osoa:

‘Kaosaren ederra’ argitaratu du, distopia teknologiko batean girotutako thriller filosofikoa

 

Yoseba Peñak (Sodupe, 1977) zientzia fikzioaren bidetik jo du bere azken eleberrian. ‘Kaosaren ederra’ du izenburu (Gaumin, 2017) eta bertan Adam eta Eba gizakien memoria egunero birprogramatzen duen Multzoaren aurka borrokatuko dira. Maitasuna arma bakarra izango dute teknologiaren erabilera gaiztoari aurre egiteko. Testuan tartekatutako irudiek eta komiki zatiek lagundurik, protagonisten eskutik hainbat errealitate maila ezagutu eta hamaika abentura biziko ditugu.

–Eleberriko protagonistak Adam eta Eba izan arren, trama ez doa teoria kreazionistaren bidetik…

–Protagonisten arteko lotura iradoki nahi nuen hasieratik; gainera, sagarraren pasartea nobelaren metafora da: Bibliako Adam eta Eba ezjakintasunean bizi ziren zoriontsu; Eba Jakintzaren arbolatik jatera ausartuta, jakintza eskuratzeagatik egotzi zituzten Paradisutik.

–Gizakiok geure buruari betidanik egin dizkiogun galderei heldu diezu: Zer da errealitatea? Eta ezagutzen dugun guztia gezur handi bat baino ez balitz?

–Filosoforik handienak borrokatu dira galdera horiekin. Batek ere ez du asmatu, hizkuntza tresna eskasa baita errealitateaz jarduteko; beti geratzen da labur. Beraz, errealitatea ezin badugu erabat ezagutu, zelan bizi? Gure zentzumenek itsumustuan gidatzen gaituzte.

–Zerk erabakitzen du gure patua?

–Uste baino lotuago gaude. Hasteko, gorputzak baldintzatuta gaude; bigarrenez, gure kulturak eta hezkuntzak; hirugarrenez, gure egoera pertsonalak… Ortega y Gassetek «nire zirkunstantzia» deitzen zion hiruron uztarketari. Horrek guztiorrek oso leku gutxi uzten digu erabakitzeko eta, halere (ez nuke ezkor agertu nahi), gure esku dauden erabaki txikiek sekulako ahalmena daukate.

–Distopia teknologiko bat sortu duzu. Badugu teknologia berriez ez fio izateko arrazoirik?

–Jakina. Teknologia berriek alienatu egiten gaituzte, gure kate berriak dira. Etxetik paseatzera irten eta mugikorra hartu behar dugu badaezpada. Platonen ‘Haitzuloaren mitoa’ izugarri esanguratsua da: leizetik ateratzen dena besteak askatzera itzuli, eta hil egiten dute. Beharbada, ‘Kaosaren Ederra’ren bigarren zatiko metafora gisa erabiliko dut.

–Teknologiak berak zuzendutako balizko sistema baten mugak agerian uzten ahalegindu zarela esango nuke.

–Bai, hala da. Aurreko mendean, robotak bizkor gure mailaraino garatuko zirelakoan, Asimovek-eta zientzia fikzioa erabili zuten horren gainean hausnartzeko, gehienetan emaitza ezkorrekin. Teknologiak gero eta paper garrantzitsuagoa dauka gure gizartean, horretan bete-betean asmatu zuten, eta ez zait iruditzen hartzen ari garen bideak leku hobeago batera eramango gaituenik.

–Istorioa zientzia fikziozko generoari badagokio ere, egungo munduari egindako kritika gisa irakur daiteke?

–Horixe zen nire asmoa. Zientzia fikzioak beste mundu bat asmatu ohi du, ispilu bat non geure burua ikusi, geure akatsak azalarazi. Egungo mundutik abiatuta, kontrako bidea hartu dut, nire ustez fikzioak eskatzen duen hasierako irudimen-esfortzuak zenbait irakurle beldurtzen dituelako. Helburua eta helmuga, ordea, berdinak dira.

–Oroimenaren gaiak ere berebiziko garrantzia du istorioan. Zer ginateke gizakiok memoriarik gabe?

–Lagun baten amak alzheimerra dauka; gure amama ere burua arinduta joan zen. Gaiak izugarri hunkitzen nau: memoria barik ez gara gizaki, ez ‘sensu stricto’. Gizarte memoria ere ezinbestekoa da. ‘1984’ nobelan Egiaren ministerioa beldurgarria da: hemerotekak aldatuz, oraina ere aldatzen dute. Ez da kasualitatea ikasketa-planetan Filosofiak eta Historiak gero eta garrantzi ñimiñoagoa izatea Matematika, Ingelesa eta zenbait fribolitateren mesedetan.

–Maitasunak salbatuko gaitu hondamenditik? Sentimenduak dira gure azken gotorlekua?

–Ez gaitu ezerk salbatuko; edo Lurra suntsituko dugu, edo eguzkia amatatuko da. Bitartean, maitasunak bizipoza ematen du. Laku lasai-lasaia astintzen duen harria da maitasuna, baina Ezra Pound-ek, ‘Kaosaren Ederra’n aipatu bezala, hobeto esan zuen: «Benetan maite duzunak dirau/ gainerakoa errautsa da./ Benetan maite duzuna/ ez dizute kenduko/ Benetan maite duzuna da/ zure/ egiazko herentzia».

Galdera sakonak

–Oinarri filosofikoa gorabehera, erritmo biziko eleberria da ekintza nagusi duena.

–Gazteek ere gustura irakurriko duten nobela bat idatzi nahi nuen, ekintza eta galdera sakonak uztartuz. Funtsean thriller bat da, protagonistak mundua salbatu nahian dabiltzalako, baina thriller filosofiko bat da.

–Zer dira egitura fraktalak? Zergatik tartekatu dituzu liburuan horietako baten irudiak?

–Objektu irregularrak dira, eskala aldatuta ere moldea mantentzen dutenak. Fraktalen irudia azalean ere agertzen da; Multzoa irudikatzen du, alegia, ordena inposatu nahi duen organizazioa. Mikel Mendibil irudigileak ederto ekarri du haren mehatxua: harri-hotza, matematika bezain errukigabea. Tarteko irudiok nobelako zati-aldaketak markatzeko erabili ditugu, Multzoa delakora gerturatzen ari garela ohartarazteko.

–Zein da testuko zenbait pasarte esanguratsu irudikatzen dituzten komiki zatien helburua?

–Hasiera-hasieratik, ‘Kaosaren ederra’ ikusi egin dut. Nobela izan arren, aldi berean, sortzean, nobela grafiko edota pelikula baten moduan irudikatzen joan naiz. Fernando Morillo editoreak oparitu zidan zati adierazgarrienen komikia egiteko aukera. Emaitza ikusita, ‘Kaosaren ederra’ komiki formatuan ateratzeko ari naiz lanean. Ea 2018an.

–Amaierarako gorde dut eleberriaren izenburuarekin lotutako galdera: Zer du kaosak hain ederra izateko?

–Maiteminduta egon denak badaki: sentimenduen zurrunbiloa, zirrara, poz itzela… Berezkoa dugu ordenari heltzeko premia, baina bizitza kaotikoa da; ezin da aurreikusi, planeatu, gidatu. Bertso onak, hemen eta orain botata, entzun ahala dastatu behar dira, ezin dira zirkunstantzia eta guzti erreproduzitu. Singulartasuna eta bat-batekotasuna; bi ezaugarrion konbinazioa izugarri ederra iruditzen zait.

Ongi etorri Gaumin sormen-etxera

Gaumin eraldatu egingo da berriro ere (harri ibilian goroldiorik ez!), jatorrian izan nahi zuena izan ahal izateko: sormen leku petoa. Hortaz, “sormen-etxea” izango da orain inoiz baino gehiago, zentzurik zabal-sakonenean.

Sormena helburu, sinpletasuna hartuko du Gauminek obsesio, irudimen-txinpartak ereiteko modurik indartsuena delako. Barru bete imajinazio, guztiz aske, jatorriko eta betiko irrika eta desira lagun. Sortu baino ez. Sinpleki.

Ongi etorri Gaumin sormen-etxera!

Bideoa Yoseba Peñarekin: “Kaosaren ederra”

Hona hemen Yoseba Peña bere “Kaosaren ederra” liburuaz hitz egiten.

Istorio bitxia eta berezia da Yosebarena. Ez dakigu nola jasotzen degun errealitatea. Ez dakigu jasotzen deguna errealitatea den, edo “gure” errealitatea, edo areago, beste norbaitek ezarri digun errealitatea. Zenbat buru hainbat errealitate-aburu!

“Matrix” eta “Laranja mekanikoa” filmak edo “1984” liburua etortzen dira gogora berehala.

Yoseba Peñak intrigazko istorioa osatu du halako ideiak josita eta dantzan jarrita. Gure ohiko munduan abiatzen da eleberria… itxuraz. Edo geure mundua bera da itxura? 🙂

Liburuaren sinopsia:

Nor arraio da Adam? Ebak ez du ezagutzen, baina aurkezten diotenean sentituko du aspalditik maite duela. Nola liteke, ordea? Ikusten duena erreala da? Nola jakin burmuina gezurretan ari ote zaigun?
Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio memoria, Adamekin izan zuen maitasun-istorioa. Kontuz, baina: norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Zergatik?
Adamek demostratuko dio talde ezkutu guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztuz eta bizitakoa ahaztaraziz, urte berbera etengabe errepika dezagun. Betiko. Eta gidoi horrek behin eta berriro banatzen ditu Eba eta Adam.
Arma bakarra daukate mundua kontrolatzen dutenen kontra: sentimendua. Maitasuna, baina, oroitzapenei loturik dago eta, haiek ezabatuta, nola maitatu?

Yoseba Peñaren twitterra: @YosebaP

Zer da Irakurketa Erraza? Sarrera laburra

Irakurtzean ulertzeko arazoak dituztenei laguntzeko espreski sortutako sistema da. Askotariko koskak izan daitezke: denetariko zailtasunak  (dislexia, bista edo kontzentrazio arazoak, down sindromea…), hizkuntza ulertzeko (euskara, etorkinak…). Urteetan ibili naiz euskal literaturaren bideetan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri sorkuntzaz solasean. Horrexek erakutsi dit zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz bereziki. Urteak daramatzat testu erakargarriak osatzeko ahaleginean, euskal irakurle gazteak “harrapatzeko”. Irakurketa Erraza formatua pauso (handi) bat gehiago da helburu horretan. Helburua da istorio duin bat osatzea, traba izan daitezkeen guztiak albo batera utzita: letra tamaina handixeagoa, lerroak egoki etenak ulermenari laguntzeko, oinarrizko hiztegia… Informazio gehiago hementxe, edota nire webgunean bertan.

(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe).

Yoseba Peñaren “Kaosaren ederra”

Yoseba Peña idazleak bere azken liburua ekarri digu, labetik atera berri-berria!

Liburu desberdina. Hona hemen sinopsia:

Nor arraio da Adam? Ebak ez du ezagutzen, baina aurkezten diotenean sentituko du aspalditik maite duela. Nola liteke, ordea? Ikusten duena erreala da? Nola jakin burmuina gezurretan ari ote zaigun?
Ebari déjà vu txikietan itzuliko zaio memoria, Adamekin izan zuen maitasun-istorioa. Kontuz, baina: norbaitek ez die elkarrekin egoten utzi nahi. Zergatik?
Adamek demostratuko dio talde ezkutu guztiok programatzen gaituela gauero, hurrengo eguneko gidoia zehaztuz eta bizitakoa ahaztaraziz, urte berbera etengabe errepika dezagun. Betiko. Eta gidoi horrek behin eta berriro banatzen ditu Eba eta Adam.
Arma bakarra daukate mundua kontrolatzen dutenen kontra: sentimendua. Maitasuna, baina, oroitzapenei loturik dago eta, haiek ezabatuta, nola maitatu?

Istorioaz

Sortzaileen artean, filosofoen artean bezala, gai errepikatua izaten da errealitatearen funtsa. Azken hamarkadetako obra ugarik izan dute hizpide buruhauste hori, eta gutako gehienon irudimenean errotu dira haien proposamenak. Errealitate paraleloak izan ohi dira, egunerokotasun orokorra (edo) kontrolpean izateko: Matrix filmak, George Orwell-en 1984 liburua edo Burgess/Kubrick-en A Clockwork Orange liburu/filma. Obra horiek guztiak, besteak beste, gurutzatzen dira etengabe Yoseba Peñaren Kaosaren ederra liburuan. Kaosaren izana, gizakion mamia, askatasunaren nondik norakoa.

Gaiari heltzeko modua nazioartean zabaldu da azken urteotan (“Gose jokoak” liburua adierazgarri, besteak beste), ingelesez “young-adult fiction” deritzen etiketarekin. Alegia, gazte eta helduen arteko mugan dabiltzanontzat fikzio iradokitzailea. Eta erakargarria. Euskaraz, ordea, ez da askotan jorratu bide horixe.

 

 

“Kaosaren ederra” liburuko protagonistak beraien Itakaren bila arituko dira, direna edo izan litezkeena ulertu nahian. Bilaketa horretan, Odiseoren antzera, denetariko oztopoak aurkituko dituzte. Ezinbestean. Itakara ezin delako zuzenean iritsi, kaosaren ederrak osatzen baitu. Horixe da kezkagune Yoseba Peñaren liburuan. Protagonisten bitartez geure errealitate aukerak berpentsatzeko aitzakia aproposa.

 

Berezitasunak

Azaldutakoez gain, aipagarria da orriotan azaltzen diren komiki-zatiak, testuaren narrazioa osatzen dutenak. Mikel Mendibil marrazkilariak egin ditu. Liburuaren azal bikaina ere Mikelen lana da.

Yoseba Peña idazlearen biografia

Informatikan doktorea eta antropologoa, irakasle dihardu. Sodupen (Bizkaia) jaio zen 1977an, baina Zarautzen errotu da (Gipuzkoan). Lehenago, Southamptonen (Ingalaterran) eta Vienan (Austria) ere bizi izan da. Gazteentzako eta helduentzako nobelagintza jorratu du honako obra hauetan: Hodeien adorea (Susa, 2012), Kilimanjaroko diamantea (Ibaizabal, 2013), Baloiak arboletan (Ibaizabal, 2016) eta Xirei (Ibaizabal, 2016).

Aitor Aranaren “Atejolea eta Izaki misteriotsua”

 

Atejolea eta Izaki misteriotsua

Aitor Arana idazleak liburu berria bat dakarkigu! Atejolea eta Izaki misteriotsua. Beldurra eta misterioa nagusi, eta Irakurketa Erraza formatuan dago gainera.

Hauxe da sinopsia:

Zer da beldurra?
Izaki misteriotsuen istorio beldurgarriak
benetakoak ote dira?
Beharbada ez, eta gure beldurrek sortzen dituzte.
Edo beharbada gure desiren irrikek.
Baina kontuz, beharbada bene-benetakoak dira.
Eta egunen batean mamu bat
zure logelan sartu nahian ibiliko da.
Edo beharbada zure desirak betetzeko aukera duzu,
baina hori ez da zuk uste bezain ona…
Bi istorio beldurgarri hauetan bezala.

Zer da beldurra?

Beldurra izan ohi da irudimenaren hazi nagusietariko bat. Txikitan beldurrak elikatzen gaitu, neurri batean bada ere, jakina. Beldurrezko istorioak behar ditugu, arnasa bezainbeste ia. Beldurra, batzuetan, sarritan, sinplenetik abiatzen da. Norbaitek ipuin txiki bat eskaintzen digu. Sineskaitza. Ondoren, ordea, egunargia ahuldu ahala, izarren distiraren modura indartzen dira izuaren hariak.

Aitor Aranak bi istorio beldurgarri osatu ditu. Bietan ere zalantza bera: fikzioaren baitan ere, errealak dira mamu moduko horiek? Protagonisten zalantzek sortuak? Ba ote dakigu benetan zer nahi dugun? Desioak ez ote dira inkontzientearen eremuan sortzen? Eta hor ez dugu zer esan askorik… Edo bai?

Beldurraren ahotsa atearen beste aldean egon liteke. Edo bazter bakarti bakoitzean. Gure kolkoan bertan.

Horretaz dihardute Aitor Aranaren istorioek.

Ikusi hemen informazio gehixeago.

Euskal Herriko V. Booktrailer Lehiaketa

Urtero legez, aurten ere Booktrailer lehiaketa antolatu dugu gaiminkideok. Bideo andana jaso dugu azaroan zehar, eta dagoeneko finalisten eta irabazleen bideoak webgunean ikusgai dituzue.

Jesuitak Indautxu-ko Iratxe Bengoak irabazi du DBH4 eta Batxilergoa saileko saria, eta Lauro ikastetxeko Mikel, Luka eta bi Iñigok irabazi dute DBH1-2-3 saileko saria. Zorionak guztiei! Bideo benetan landu eta ederrak jaso ditugu. Mila esker partehartzaile guzti-guztiei!

Kai txakur-bidaiaria aplikazioa

Kai txakur-bidaiaria aplikazioa

Jadanik prest dugu “Kai txakur-bidaiaria” liburuaren aplikazioa gailu elektronikoetarako. Atzo aurkeztu genuen Elatzeta ikastetxeko gaztetxoekin batera.

Gure txakur tronpetariarekin jolastu nahi baduzu, ehiza- eta artzai-txakurren inguruan gehiago ikasi, gizaki eta animalien arteko harremanean sakondu, edo bidaia magiko bat bizi nahi baduzu, zatoz “Kai txakur-bidaiaria” aplikazioa probatzera!

Nabigatzailearekin sarean aritzeko: http://gaumin.com/kai/aplikazioa/

Badator Durangoko Azoka

Urteroko zita dugu laster Durangoko Azokan. Abenduaren 2tik 6ra han izango gara gure kumetxoak erakusteko irrikaz. Antolakuntzatik aldaketak direla-eta, Barrenkale 50en aurkituko gaituzue. Etorri bisitan!

Nobedadeen artean “Ixtebe Pellot, azken kortsarioa” izango dugu. Fernando Morilloren eleberria da, Irakurketa Erraza formatuan idatzia. Informazio gehiago hemen.