Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza entitatea lanean hasi eta bi urte eskasera, IE formatuan argitaraturiko lehen lau eleberriak aurkeztu zituen Gaumin Argitaletxeak. Fernando Morillo idazle eta Gaumin argitaletxeko sortzailearen hitzetan: “Ezinbestekoa zaigu IE formatuko literatura euskal esparruan, besteak beste gazteleraz edo frantsesez alfabetizatu ziren belaunaldientzat, edota oraintxe euskara ikasten dabiltzan milaka lagunentzat. Behar-beharrezko tresna da euskararen normalizaziorako”.
“Gure helburu nagusia gazteek literatura maitatzea eta gozatzea da, irakurtzea behar gisa ez sentitzea. Horrela soilik irabaziko baititugu irakurleak, betiko irakurleak” azaltzen du Fernando Morillok argitaletxearen webgunean. “Euskarak berezko arazo larria du irakurleei dagokienez. Estatistiken mozorroak mozorro, euskarak duen irakurle kopuru erreala beldurgarriro txikia da” zehaztu du gaur goizeko aurkezpenean. Dioenez, herritar erabat euskaldun askori ere askozaz gaitzagoa egiten zaie euskaraz irakurtzea, erdaraz baino. Sarri, irakurle helduen iritziak eta erreguak iritsi omen zaizkie: “Euskaraz irakurri nahi dute, baina ohiko literatura zaila egiten zaie. Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, eta narratiba erraz baina helduago baten gose eta beharrez dira”.
Eskaera horri erantzun nahirik, eta IE mugimenduaren helburuekin erabat uztartzen zela ikusirik, Blanca Matarekin harremanetan jarri zen Gaumin. “Hainbat elkarte eta enpresarekin kolaborazio hitzarmenak sinatzeaz gain, Bizkaia aldean hogei bat Irakurketa Klub abiarazi ditugu. Denak ere gazteleraz, euskaraz ez baitzegoen horrelako materialik” dio LFE-ko kideak.
Gaurtik aurrera, bada non aukeratu euskaraz IE formatuan irakurri nahi dutenentzat. Batetik, katalanetik itzulitako Montse Flores Pallarès-en Rif mendietako ura eta Núria Martí Constans-en Traizioa lakuan eleberriak dituzte. Bestetik, zuzenean euskaraz idatzi diren Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa. Gai aldetik zeharo ezberdinak laurak ere, irakurle bakoitzak bere gogokoa hauta dezan.
AlhondigaBilbao hasieratik interesatu zen IE mugimenduan, eta haien laguntza izan dute euskaraz idatzi diren bi liburuen argitalpenek.AlhondigaBilbaon, Mediateka BBK-n gauzatu ziren, izan ere, lehen irakurketa klubak. Proiektu honen erabateko laguntzaile bihurtu da AlhondigaBilbao, euskarazko irakurleak eta sorkuntza bultzatzeko asmotan.
Ekitaldi publikoa ere egin zuen Gaumin Argitaletxeak, eta bertan izan ziren lau liburuen egileak.
Montse Flores Pallarès irakasle eta idazleak dioenez “Irakurketa ezinbesteko tresna da pertsonon osatze-bidean. IE formatuan dauden materialek lagundu egin didate ikaslea ikasketa-prozesuaren protagonista bihurtzen, eta, batez ere, hari erakusten irakurketa baliabide osoa dela mundua interpretatzen laguntzeko, ikasteko, gogoeta egiteko eta komunikatzeko, ez soilik heziketa garaian, bizitza osoan zehar baizik.”
Núria Martí Constans ere irakasle eta idazlea da. Hark dioenez, irakasle izateak asko lagundu dio IE formatuan idazten: “Ezagutzen nuelako ni kokatu beharreko maila, eta baita hartzaileen multzo bat ere”. Eta formatu errazean idaztearen inguruan galdetuta zera dio: “Beharbada horrexegatik beragatik, berehala ohitu nintzen IFLA-ren nazioarteko gidalerroetara, Irakurketa Errazeko idazketa arautzen dituztenak, eta ez naiz sekula estu sentitu haiek erabili behar izatean. Aitzitik, erronka ederra da norbaiti IEren bitartez helarazi ahal izatea literaturan sekula galdu behar ez litzatekeen emozioa.”
Ander Izagirre idazleak, berriz, hauxe dio idazketa prozesuaz: “Ez zait erraza gertatu erraz idaztea. Ariketa zaila eta polita izan da: normalean, idazterakoan erabiltzen ditugun hainbat baliabide baztertu edo aldatu egin behar horrek idazketa prozesuaz kontzienteago izatera bultzatu nau. Kosta egin zait baina gimnasia polita izan dela uste dut.”
Fernando Morillok dioenez, “istorio bat kontatzeko hamaika modu dago, eta hitz apur batzuk aski dira istorio zoragarri bat josteko”. Marrazkilari batek arkatz soil eta txiki batekin irudirik bikainena garatu dezakeela.