Udan sarturik gaude jadanik, eta gehientsuenak oporretan izango zarete. Zein ongi! Guk ere izango ditugu, noski. Baina oraintxe udazkeneko nobedadeak prestatzen topera gabiltza. Labean zer dugun ikusi nahi?? Sartu, sartu sukalderaino.
Irakurketa Errazean argitaratzen dugun Erraz irakurtzeko bildumak bi titulu gehiago izango ditu laster. Alde batetik, Fernando Morilloren “Ixtebe Pellot, azken kortsarioa” izango dugu. Pellot kortsario hendaiar apartaren gorabeherak ezagutuko ditugu, sinesgaitzak bezain benetakoak guztiak ere: abentura, ausardia, umorea, ihesaldi etengabeak… denetarik izan zuen Pelloten bizitzak. Zinez ezagutzeko moduko alea izan zen Ixtebe Pellot, “euskal azeria”.
Bestetik, Irakurketa Errazaren baitan, baita, Aitor Aranaren eleberri bat izango dugu. Beldurra izango omen du ardatz… Baina horren berri izateko zain egon beharko duzue. Sorpresa!
Bizigai bilduma ere handitzen doa. Bizitzari heltzeko gaiak lantzen ditugu txoko honetan; minbizia, eskola jazarpena… Oraingoan emozioen lanketarekin gatoz. “Trumoi txakurraren negarra” du izenburu. Oinatz eta Goizane dira “giza” protagonistak. “Giza” azpimarratzen dugu, ze izan ere badira beste mota bateko protagonista garrantzitsu batzuk ere: Trumoi txakurra eta Mimi eta Tigre katuak, esate baterako. Gizakion eta animalien arteko harremanak aztergai. Adiskideak eta leialtasuna, askotariko komunikazio moduak edo ankerkeriak ereindako samina.
Gehiago! Yoseba Peñaren eleberri bat ere ari gara lantzen: “Oximoron konspirazioa”. Eba eta Adam gizarte osoa kontrolatzen duen makina zorrotz eta bihozgabearen aurka borrokan. Hurrengo hilabeteotan zabalago!