Abian da ikasturte berria

Irailean sartuak gara jadanik, eta, noski, ikasturte berria hasi dugu.
Abian da ikasturte berria

Sormenaren alde ederretako bat da sekula ez dela ezer finkatzen amaieraraino. Alegia, egunero da egun berria, eta ez dakizu nola jarraituko duen. Ezin duzu. Eta horrexek ematen dio baliorik erakargarriena, sormenari bizitzari bezalatsu.

Adibide txiki bat. Liburu bat idaztean, batzuetan, oso garbi izaten da zein izango den izenburua. Azken batean, liburu baten zati inportantea da titulua. Baina, baina, baina istorioa idaztean, hariak eta pertsonaiak eta pasadizoak garatu egiten dira. Aldatu eta eraldatu, ibaiak aurrera egiten duen neurrian. Eta orduan finkoa zena ez da jada ziurra, edo zurruna, edo herdoila. Duela hilabete inguru, Yoseba Peñaren liburuaren izenburua eman genuen: “Oximoron konspirazioa”. Istorioa garatuz joan da, tarra-tarra, berrituz, bizituz. Eta orain, liburu bera izan arren, aldi berean ez da. Orain, izenburua ere aldatu zaio: “Kaosaren edertasuna”. Behin betikoa ote? Kaosak berak aldarrikatuko lukeen moduan, nahikoa aldaketa ñimiño bat sekulako ondorioa izateko. Auskalo orduan!

Horrelaxe gabiltza, kaotikoki aurrera, liburuak eta marrazkiak eta bururatzen zaizkigun guztiak prestatzen, prestatzen, zuek gozo-gozo izan ditzazuen. Baina kasu, kaosa ez da kaotikoa. Edo zentzugabea. Ez horratik! Kaosaren edertasunean ulertuko duzue ederki. Eta kaotikoki. Laster!

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *