Desioen maskara

Desioen Maskara

Izenburua: Desioen maskara. Amodioak, desamodioak eta bestelako antzezteko testuak gazteentzat. 
Egilea: Susana Sancho.
Adina: 15-16tik aurrera.
Orrialde kopurua: 94 orrialde (210 x 148 mm).
Gaiak: antzezteko testuak, gazteak, amodio-desamodioak, antzezpenaren garrantzia hezkuntzan.
Gaumin sormen-etxea, 2021.
Prezioa: 13,50 euro.
ISBNa: 978-84-121515-1-0.

Sinopsia

Desioei maskara kentzeko prest? Jarri eroso. Oihala altxatzera doa.

Antzeztu edo senti daitezkeen “desioak” dira testuok.

Gaiak, anitzak: laguntasuna, maiteminaren gorabeherak, lehenengo esperientziak, sexu-aniztasuna, gurasoen esperientzia… Eta batez ere maitemina: maitasunak dakartzan pozak, kezkak, jolasak, buruhausteak… Desioak mozorrotzeko erabiltzen ditugun maskarak, finean.

Ziztuan eta azaletik irakurtzen omen da, gero eta gehiago. Esperientziak dio horixe dela irakurtzeko interesik ezaren arrazoia gehienetan.

Liburu honetako proposamena xehea da: testuari heltzen laguntzea, batik bat gazteei. Dela interesa pizten duten testu laburrekin (hiru generotan idatziak: bakarrizketak, elkarrizketak eta olerkiak), dela irakurketa- eta antzerki-teknikak lantzeko ariketen bidez.

Esandakoa, irakurle: ausartzeko prest?

Proiektuaren asmoa: oihala altxatu aurretik

Sarritan, liburuen sareetan “jausi” garenok ahalegin eskerga egiten dugu irakurtzen ez dutenei zer galtzen duten erakusteko. Aholkuak eta aukera zabala eskaintzen dizkiegu ez-irakurle horiei, irakurketaren paradisura hurbildu nahian.

Aipatzekoa da gurasoen, irakasleen edo liburuzainen buruhausteak —igarle-lana egin behar dute sarritan— gazteei edo umeei irakurtzeko zerbait “gustagarria” aholkatze aldera.

Zer esanik ez, asmatzen dugun aldi bakanetan, poza sentitu ohi dugu; bestelakoetan aldiz, ikusmira aldatu beharko genuelakoan nago.

Guztiok dakigu irakurtzen dituzten testu asko ziztuan eta azaletik irakurtzen dituztela gazteek. Eta esperientziak dio horixe dela interesik ezaren arrazoia gehienetan. Hots, ez dute ulertu, edo ez dute konektatu irakurri dutenarekin.

Bada liburuaren irakurketa librea eta “ez bideratua” defendatzen duenik. Zalantzarik gabe, hori litzateke onena. Baina zer gertatzen da eskolaz kanpo ezer irakurriko ez luketen besteekin?

Liburu honetako proposamena oso xehea da: gazteei testuari heltzen laguntzea. Kontatutakoarekin kontaktuan jartzea, biziaraztea… Nola? Interesa pizten duten testu laburrekin ez ezik, irakurketa- eta antzerki-tekniken bidez.

Testu zailagorik irakurtzen duten gazte bakan batzuk ere badira, jakina. Izana dut, Shakespeareren sonetoak antzeztu ondoren, poesiazale bihurtu den 16 urteko ikasleren bat edo beste.

Hala ere, klasikoak irakurriz irakurzale bihurtzen direnen kopurua (mirari horren ehunekoa) ez dizuet aitortuko.

Gure asmoa ez da antzerki gida bat egitea, ariketa praktikoak eskaintzea baizik, irakurketa automatizatu eta hotzetik aldentzeko, kontatzen ikasteko, testuak dramatizatzeko eta bizitzeko. Hau da, antzerkia eta kontatzeko teknikak erabiltzea baliabide didaktiko gisa, sormen irekiera gisa. Jolasa eta hainbat teknika arima sortzailea kitzikatzeko.

Idatzi ditugun testuak formatu laburrean egitea erabaki dugu.

Eguneroko bizitzatik ateratako testu sinpleak dira, naturalak, gazteen buruhausteak oinarritzat dituztenak. Errealitate-zatiak dira, diren modukoak kontatuak, artifiziorik gabeak.

Hainbat mito ezagun ere topatuko dituzue txoko batean edo bestean; baita hainbat estereotipo ere, batzuk gustagarriagoak beste batzuk baino.

Gaiak, anitzak; gazte baten bizipenak bezain anitzak: laguntasuna, maiteminaren gorabeherak, lehenengo esperientziak, sexu-aniztasuna, gurasoen esperientzia… Baina, batez ere, maitemina: maitasunak gazteei dakarzkien pozak, kezkak, jolasak, buruhausteak… baita maitemina edo maitasunik eza mozorrotzeko erabiltzen ditugun maskarak.

Antzeztu edo senti daitezkeen “gozokiak” dira, hiru generotan idatziak: bakarrizketak, elkarrizketak eta olerkiak. Aldea, irakurtzeko testuak ez ezik, sentitzeko eta interpretatzeko testuak ere badirela. Nork bere egingo du testua, interpretazio, irakurketa eta jolasaren bitartez. Testua, aitzakia sorkuntzarako.

Literatura gazteengana hurbiltzeko lehenengo urratsak badira ere, antzerki dinamikak eta irakurtzeko teknikak testu elaboratuagoei ere aplika dakizkieke.

Orriotako literatur gozokiak gazteentzat sortuak diren arren, nagusiontzat ere badira. Shakespeareren sonetoen maitasuna gazteei hel dakiekeen moduan, gu ere liluratu gaitzakete testu fresko hauek.

 

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *