Istorio guztien taupada

Istorio guztien taupada

Izenburua: Istorio guztien taupada. Zeure barneko poema
Adina: 11-12tik aurrera.
Orrialde kopurua: 102 orrialde (210 x 148 mm).
Gaiak: ipuinen  garrantzia  eta  sendabidea,  narrazioa, adiskidetasuna, desberdina izatea.
Gaumin sormen-etxea, 2021.
Prezioa: 13,50 euro.
ISBNa: 978-84-121515-2-7.

Sinopsia

Joseba naiz. Bitxia naizela diote.
Adrian eta Miren dira nire lagunik onenak.

Adrian bihotza da. Istorioen emozioa, beti alboan duzun laguna. Batzuetan ez du buruarekin pentsatzen eta leku guztietan trabatzen da. Ile kizkurrak sudurreraino jaisten zaizkio askotan. Istorioak maite ditu.

Miren gorputza da. Dena abesten du mugimenduaren bitartez, zentzumenez, besarkadez. Gu hirurotatik indartsuena da. Begi urdin-urdinak eta ile gorria du. Teilatu gorrietan dantzatzea gustatzen zaio. Katurik abilena baino trebeagoa da.

Ni, Joseba, burua izango nintzateke. Askoren ustez, emoziorik gabea. Gezurra. Askoren ustez, zentzumenik gabea. Gezurra. Nik dena ikusten dut. Eta logika bihurtzen.

Nire bi lagun kuttunen beharra dut munduan ibiltzeko. Batez ere, Tere andereñoa salbatu behar izan genuen istorioz beteriko abentura honetan.

Laburrean

Joseba mutiko berezia da, irakurleak berehala antzemango duen bezala. Lagunek oso maite dute, eta kontu handiz xuxurlatzen diote zurrumurru bat belarrira: Tere, haien irakaslea izandakoa, burutik jota omen dago, senarra eta semea oso laburrean galdu izanaren ondorioz, nonbait.

Josebak ondo daki zenbateraino lagundu zion Terek bere barne-mundutik ateratzen. Bizitzen irakasten. Terek istorioen liluraz eta indarraz lortu zuen hura, gaurko Xerezade bat izan balitz bezala. Baina Xerezade bera da orain zuloan dagoena.

Josebak, lagunekin batera, lehenago Tereren eskutik bertatik jasotako ipuinak, eta baita beste berri batzuk ere, kontatuko dizkio Tereri berari, bergogora ditzan, bizi ditzan, bere baitara egin dezan berriro.

Proiektuaren nondik norakoa:
betiko ipuinen eta izadiaren beharra

Garai latzak datozkigu. Guztioi. Hotzean eta zintzo hartzen badugu, ordea, hainbat aldiz egokitu zaizkigu historian zehar halako egoerak. Nola egin genion aurre? Nola atera ginen aurrera indartsuago?

Zer egiten gaitu gizaki? Zerk bereizten gaitu hainbeste? Aldea ez da handia, eta beste animalietatik askotxo dugu, noski. Baina badago zerbait, badago pauso txiki bezain esanguratsu bat: hitzak. Eta batez ere hitzek osatzen dituzten ametsak.

Ipuinak egin gaitu garena. Ipuinak eraman gaitu gizakiok eskutik helduta, geure tontorretara eta amildegietara. Ipuinak izan ditugu lagun eta bidaide, ginen umetatik, izango garen azken hatsera arte.

Mitoak, kondairak, kontakizunak, poemak… ipuinak.
Xerezade, Odisea, Stevenson, Pinkola Estes, euskal (edo nonahiko) abarrak… Istorioak eta istoriogileak. Ametsen arkitekto bikainak.
Istorioen hariek salbatu izan gaituzte hainbat une latzetan. Horrexek lagunduko gintuzke eta gaitu oraingoan ere.

Istorioen funtsa arakatuko dugu istorio baten bitartez. Istorio asko bilduko dituen istorio zabalagoa eraikiko dugu, hortaz. Betiko kontatzaileen magia berreskuratzen ahaleginduko gara.

Eta horrekin batera ere, faltan dugun gure beste alor ahaztu bat ere: izadiaren hurbiltasuna. Izadiarekin bat izatea. Istorioan oso presente izango da basoaren, zuhaitzen, animalien ahotsa. Garenaren ahotsa ere badelako, azken batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude