Poziktibo (Beldurrak harrapatzen zaituenean)

Izenburua: Poziktibo. Beldurrak harrapatzen zaituenean
Adina: 12-13tik aurrera.
Orrialde kopurua: 102 orrialde (210 x 148 mm).
Gaiak: gazteak eta beldurra, adiskidetasuna eta laguntza, abentura, sormena, oztopoak gainditzea.
Gaumin sormen-etxea, 2023.
Prezioa: 15 euro.
ISBNa: 978-84-121515-6-5.

Sinopsia

Beldurra.
Enaitzek 13 urte ditu. Bideogile izateko ametsa zuen.
Egun batean, ordea, beldur madarikatu bat sentitu zuen barnean.
Eta orain ez du etxetik atera nahi.
Hodeik 14 urte ditu. Enaitzen arreba da. Ausarta. Leiala. Neba babestuko duela erabaki du.

Ezustean, misterioa.
Laguntzeko asmoz, irakasle batek jolas bat proposatuko die neba-arrebei: istorio bat grabatzea kalean.
Pintada misteriotsu batzuk azalduko dira.
Bitxikeriak eta enigma bat osatuko da apurka: aztarnak, parke ezkutuak, txakurtxo galdu bat…

Eta beldurra?
Beldurra hortxe. Alboan. Barnean. Gutxien espero denean eraso egiteko prest.
Altxorraren bila arituko dira.
Baina, beharbada, espero ez duten bestelako sari bat irabaziko dute.

Liburuaren protagonistak

Enaitz
13 urte ditu. Bideoak grabatzea oso maite du, eta zinema-zuzendari izateko ametsa zuen. Lehen. Orain… orain ez. Lehen mutiko normala zen. Baina orain ez da.
Pandemiaren ondoren, beldur handia hartu zion kaleari. Ezin du ondo azaldu zergatia (ezta bere buruari ere), eta lotsa da, ergelkeria koldarra iruditzen zaiolako. Horrek, ordea, ez du aldatzen bere izua: ez da etxetik ateratzeko pausoa emateko gauza.

Hodei
14 urte ditu. Enaitzen arreba da. Neska ausarta eta leiala, eta kirolzale amorratua. Nebaren egoera ikusita, erabaki du haren ondoan izango dela, eta bera ere ez dela etxetik aterako.

Maider
Bokazio handiko irakaslea. Bokazioa, ordea, arazo bihurtu zaio: eskolako lana obsesio bilakatzean, etxeko harremana “alboratu”, eta dibortzioa etorri zaio, mailukada baten moduan. Orain, Maider ez dago ondo. Beldurra hartu dio bakardadeari.
Edonola ere, bera da Enaitzi eta Hodeiri laguntzeko gauza izan daitekeen pertsona bakarra, itxuraz. Haiei laguntzean, bere bestelako beldurrei ere aurre egiten ikasi beharko du, pausoz pauso.

Beldurra
Beldurra ere bada liburuko protagonista. Beldurrak egiten gaituelako garena.
Beldurrak baldintzatzen gaitu gehien, ezinbestean. Ezin dugu inoiz ezabatu, geure parte delako. Baina harekin dantza egiten ikasiz gero, ai, orduan beldurra bera bidaide eta are lagun ere izan genezake.
Beldurraren pausoak ematen ausartuz gero.
Hori izango da protagonisten asmoa, era batean edo bestean. Lortuko ote dute?

Misterioa (jakin-mina)
Beldurrari aurre egiteko orduan, ausardia baino, askotan aproposagoa zaigu jakin-mina.
Misterioa (edo jakin-mina) ere, bereaz, bada istorio honetako protagonista.
Batetik, pertsonaiak mugitzeko amua izango delako.
Bestetik, noski, irakurleak ere harrapatzeko aitzakia izango delako.
Misterioak eramango ditu, eskutik helduta, protagonistak nahiz irakurleak.