Hildakoei esker eta haien erruz

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 15etik aurrera
Orrialde kopurua: 184
Gaia: izua, heriotza, beldurra, auto-ezagutza, misterioa, familia…
Prezioa: 13,5 euro

LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
INFORMAZIO GEHIAGO hemen, idazlearen webgunean
Liburuaren Irakurketa Gida eta Audioliburua (doan) nahi izanez gero, eskatu mesedez hona: gauminhontza@gmail.com

Gauaren itzaletan ezkutatzen den maitasuna sentitzeko istorioak dira.
Lau narraziok osatzen dute liburua. Barne-emozioa eta pasioa dituzte oinarri, eta gizakion alderdi ilunak azaltzen dira bihotzaren garrasiekin batera: obsesioa, etsipena, sekretu ilunak, eromena… Sentimendu beltzak, eta odolaren gorrizkoak.
Maitasuna pizgarri, artearen izenean egin daitezkeen bortizkeriak ikusten dira, familian gorde nahi izandako sekretu lotsagarriak, hiltzen ez dakiten hiltzaile afizionatuak, gutako edonoren eromen eta basakeria-grinak.

Berezitasunak

Maitasuna da ipuin hauen funtsa eta mamia. Maitasunagatik zer egin dezakegun. Zenbateraino jaitsi gaitezkeen amildegien hondoetara. Edo labarren ertzetara hurbildu. Eta salto egin. Maitasunak txertatzen duelako sua gugan. Baina su horrek epeldu egin dezake… edo kiskali.
Sentimenduek sorrarazitako korapiloak aurkituko ditugu, familiarekiko leialtasuna, maitasunik eza era dezakeen motorea, edo ama eta semearen arteko maitasuna, edo bi anaien artekoa.
Sentimenduaren alderdi zailak arakatzeko testua.

Nire iruzkina eta zenbait kontu
Azala ikusita gezurra badirudi ere :-), maitasun istorioak dira gehienbat. Lau ipuinek osatzen dute liburua, eta gizaki “zoragarrion” alderdi ilun batzuk azaldu nahi nituen… modu apur bat gordinean.
Irakurle askok (bereziki gazteen artean) istorio ilunak eskatzen dizkidate. Bortitzak. Errealistak (are “nazkagarriak”). Esan bezala, maitasuna dute oinarrian, neurri handi batean, baina gizakion alderdi itzaltsuak azaltzen dira bihotzaren garrasiarekin batera: obsesioa, etsipena, sekretu ilunak, eromena… Gogorxeak. Metalezkoak eta odolezko istorio… sentimentalak.
Artearen izenean egin daitezkeen bortizkeriak, familia sekretu ilun bat, hiltzaile afizionatu bati buruzkoa, eromenari eta maitasunari buruzko ipuin basati bat…
Liburu honen amaieran, zenbait albiste agertzen dira, inspirazio iturri modura, edo beste ipuin batzuk osatzeko erabilgarriak…

Liburuaren hitzaurrea

Ai, istorio kriminalak eta begirada beltza! Irribarre zinikoak… eta aldi berean liluratuak. Nire beste pasio bat (ehun eta hogeita bosgarrena edo) literatura beltza da. Hildakoak, motibazio homizidak, bortizkeria ankerra (fikziozkoa, e!)…
Zenbat aldiz aipatu dudan beste hainbat irakurlerekin:
—Irakurri duzue ez-dakit-zein nobela? Gustatu?
—Bai, krimenez beterik zegoen!
Ez al gara ba txano gorritxo baino txintxoagoak? Gure alderdi iluna lurperatu nahi genuke, ustez! Eta saiatzen gara, saiatu. Baina ziur asko satorra, kilkerra edo sugea izango da. Berriro ateratzen delako. Kir-kirka. Edo zi-zika. Edo kaixoka.
Beti ateratzen du burua.
Eta irakurleok asko eskertu behar diogu alderdi beltz horri. Berdin idazleok. Norbait imajinazioren faltan balego ere, egunkariak ezin konta ahala gai krudel (eta literario) ditu egunero!
Lau ipuin beltz dituzue hemen. Errealitatetik abiatzen dira, baina nire beste batzuk ez bezala, ez dira fantasiaraino iristen. Ertzetik oso hurbil geratzen badira ere. Errealitateak berak baditu aukera ugari fikzio-jolasean aritzeko. Geure zentzutasun eta erotasunek horretarako eta askoz gehiagorako lekua uzten dute.
Galdera anitz:
Ezagutzea ona da. Beti? Zergatik hiltzen dugu? Zenbateraino gaude prest… ez hiltzearren? Edozer jasateraino? Ez ote da maitasuna deabru basati guztiak arrazoi noble batez askatzeko aitzakia?
J. Donnek eta E. Hemingwayk esango luketen bezala, hil-kanpaiak ari dira etengabe. Entzuten dituzu? Zugatik eta biongatik.
Horiei esker motibatzen gara gehiago. Zeu eta biok.
Pentsamenduaren bitxia. Egunen batean, neu egongo naiz lurpean, eta irakurleren batek hitz hauek aurkituko ditu. Eta literaturaren magia iritsiko zaio orduan. Hildakoei buruzko istorioak, hildako baten partez, bizirik sentitzeko.
Bai mundu kurioxoa eta zentzurik gabea. Bai mundu anizkoitza eta erakargarria.
Banoa apur bat izarrei begira egotera. Hurrengo istorioa prestatu aurretik.
Betiere, on egin, irakurle.
Bizi bizi.

Testu zatitxo bat:
Alfontso bakean zen. Bizirik, baina hustasunetik hurbil. Sartzen zizkioten antipsikotikoek eta hamaika pilulek anulaturik uzten zuten. Hobeto.
Egunak ziren ez zituela ahotsak entzuten. Ahotsek zauriz beterik uzten zioten barrua. Eta gogoa. Odola eta labanak eta oihuak eta sumina… Hobeto horrela. Isilik.
—Infernuko ahotsa naiz —entzun zen.
—Nor da? —atera zitzaion Alfontsori—. Nor da?
—Ni naiz zure ahotsa, zu izan zara nire eskuak. Nire hankak. Orain, zure hitzak behar ditut. Zure hitzak neure egingo ditut. Garbitzeko. Mingainean dituzu. Mingainean dituzu hitzak, Alfontso.
—ZER NAHI DUZU? —oihukatu zuen Alfontsok.
—Erakutsi iezadazu entzuten didazula. Ulertzen nauzula. Zure hitzak behar ditut. Zure mingaina. Zure mingainak galbidean jartzen bazaitu, zer egin behar duzu?
—Moztu?
—Atera ezazu. Atera ezazu eztarritik, eta erakutsi. Bakea nahi duzu?

Booktrailerra

Norbait hil behar duzunean, begirada ezkutatu egiten da. Gai zara?
Galderak. Zeure begiak galbidean uzten bazaitu, atera begiak. Nor da zure ahotsa? Nork behar ditu zure hitzak? Mingainean dituzu. Zure mingainak galbidean jartzen bazaitu, atera mingaina. Lehertu eztarria eta hartu hitzak. Koagulu ustelen artean, negar-jarioak eta irribarreen errautsa.
Mendekuaren ordua da. Entzuten dituzu hil-kanpaiak? Zugatik ari dira.
Azken partida da. Azken segundoa. Hats finala.
Bihotzaren taupada bortitza. Non? Bizkarrean? Erraietan? Hilobiaren doinua da. Garrasika.
Norbait hil behar duzu. Igual, zeure norbait. Eta munstro guztiak zure munstroak dira. Gai zara?

Audioliburua

Dagoeneko, badugu bere audioliburua: Ander Lipus antzerkilari ezagunak irakurri (antzeztu!) du liburua, musikaz lagundurik. Liburua gozatzeko edota entzumena lantzeko beste aukera bat iruditzen zait.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *