Irakurketa Errazaren historia

Zer da Irakurketa Erraza?

Azken hilabeteotan han-hemenka topatzen ditugu Irakurketa Errazaren inguruko berriak. Zer da, ordea, zehatz-mehatz, Irakurketa Erraza (IE)? Hitz bitan: irakurtzeko edota ulertzeko arazoak dituzten pertsonei zuzendutako testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia material egokituak.
Gizartean hainbat hiritar dira irakurketa-ulermen arazoak dituztenak: etorkinak, dislexiadunak, alfabetatu gabeak, dementziak… Gabezia horrek baztertu egiten ditu, informazioan eta ezagutzan ardazturiko gizartea baita gurea. Koska horri aurre egitea da IEren asmoa. 1997an IFLAk (Liburutegi Elkarte eta Erakundeen Nazioarteko Federazioak) argitaratutako nazioarteko ildo batzuek zehazten dituzte IEko testuek eta bestelako materialek bete beharreko oinarrizko arauak.

Irakurketa arazo horiek bi talde nagusitan bana daitezke. Batetik, behin betiko irakurketa-arazoak ditugu: gutxitu psikiko edo sentsorialak, arazo neuropsikologikoak dituztenak… Bestetik, aldi baterako irakurketa-arazoak daude: etorkinak eta hizkuntza ikasleak, pertsona analfabetoak edota hezkuntzan desabantaila dutenak, alfabetizazio prozesuan daudenak, eskola-curriculumera egokitzeko arazoak dituzten edota eskolaratze arazoak dituzten nerabeak…

IFLAren arauen arabera prestaturiko testuak tresna bereziki baliogarriak dira irakurtzearen plazera lortzen edo berreskuperatzen laguntzeko eta gizartetik baztertuak ez sentiarazteko. Izan ere, informaziorako sarbidea ukatzen diete hainbati gaur egungo egiturek.

Kataluniako Associació Lectura Fàcilek hamar urte daramatza IEko materialak sustatzen. Azken hamar urteotan 100 titulutik gora argitaratu dira katalanez, eta hainbat izan dira gazteleraz ere. Elkarte horren esperientziaren arabera, katalana ikasteko prozesuan diren milaka herritarren irakurketa-zailtasunak direla medio, IEko materialak erabiltzen dituzte usu. Eta berebiziko arrakasta izan dute, hizkuntza bat ikasteko orduan, liburu sakonen eta haur literaturaren artean askok falta zuten harmailatxoa bihurtu direlako lan samurrago horiek.

Euskal esparruan

 

Nazioarteko zenbait ikerketaren arabera, herrialde gehienetako helduen %25ek ez dute beren hezkuntza-mailagatik espero daitekeen alfabetizazio- edo irakurketa-maila. Herrialde batzuetan %40a izatera iristen da.

Euskal esparruan, azaleko kalkulua egin arren, esan genezake kopuru hori %70era ere irits litekeela. Euskal Herriko 3 milioi biztanle ingururen heren batek soilik du euskararen ezagutza, eta 40 urtetik gorako gehien-gehienek erdaraz jaso zuten hezkuntza. Horrenbestez, izugarriro txikia da gurean euskaraz alfabetatuen kopurua. Hizkuntza ikasten dabiltzanena, berriz, askozaz zabalagoa. Horiek guztiek dituzte euskaraz irakurtzeko zailtasunak (erdaraz normaltasun osoz irakurri badezakete ere).

Irakurketa Erraza euskaraz

Duela pare bat urte jaio zen Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza entitatea, Blanca Mata buru. Ordutik hona, hainbat irakurketa klub sortu dira, batez ere Bizkaian, eta IEren inguruko sentsibilitate kanpaina abian jarri ostean, behin eta berriz ari da eskatzen jendea euskarazko obrak izatea.

Fernando Morillo idazleak urteak daramatza gazteentzako liburu ahal bezain irakurterraz eta hurbilak sortzeko ahaleginetan. Morillok dioenez, testu ulergarriagoen bila ari zela aurkitu zuen IEren proiektua: “Bereziki egokia iruditu zitzaidan gurerako. Ez bakarrik jatorrizko helburuengatik. Gurean multzo dexentez zabalagoa dela iruditzen zait: aurreko belaunaldietan (euskaraz) alfabetatu gabeak direnak, inguruko hizkuntza handien konpetentzia eta, ai, kaleko euskararen eta euskara literarioaren arteko tarte nabarmen handiagoa inguruko hizkuntzetakoa baino. ”

Horrela, Morilloren argitaletxea izan da IE euskaraz plazaratzen lehena. Udaberrian aurkeztu zituen lehen lau eleberriak Gaumin Argitaletxeak, ezinbestekotzat baitute IE formatuko literatura euskal esparruan, eta behar-beharrezko tresnatzat euskararen normalizaziorako.

Euskarazko lehen liburuak

Lehen lau liburuetan doinu desberdinak eskaini nahi ziren, oso bestelako irakurleek gogokoa aurki zezaten. Bi liburu katalanetik itzuli dira: Montse Flores Pallarès-en Rif mendietako ura eta Núria Martí Constans-en Traizioa lakuan. Beste biak zuzenean euskaraz sortu dira: Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa.

Lau egileek dute esperientzia luzea eta estua irakurleekin, eta sarritan topatu dute irakurle askoren zailtasuna testuak ulertzeko orduan. Hortik haien ardura eta aldi berean korapiloa konpondu nahia.

Montse Flores Pallarès irakasle eta idazleak dioenez, irakurketa ezinbesteko tresna da pertsonon osatze-bidean: “IE formatuan dauden materialek lagundu egin didate ikaslea ikasketa-prozesuaren protagonista bihurtzen eta, batez ere, hari erakusten irakurketa baliabide osoa dela mundua interpretatzen laguntzeko, ikasteko, gogoeta egiteko eta komunikatzeko, ez soilik heziketa garaian, bizitza osoan zehar baizik. ”

Núria Martí Constans ere irakasle eta idazlea da. Irakasle izateak asko lagundu dio IE formatuan idazten: “Ondo ezagutzen nuelako zer mailatan kokatu behar nuen, eta baita hartzaileen multzo bat ere. Beharbada horrexegatik beragatik, berehala ohitu nintzen IFLAren nazioarteko gidalerroetara, eta ez naiz sekula estu sentitu haiek erabili behar izatean. Aitzitik, erronka ederra da norbaiti IEren bitartez helarazi ahal izatea literaturan sekula galdu behar ez litzatekeen emozioa. ”

Azkenik, Fernando Morillo idazleak dioenez, “hamaika modu dago istorio bat kontatzeko, eta hitz xume apur batzuk aski izan daitezke istorio zoragarri bat josteko. Nekez irakurtzen duten horientzako istorio egoki askoak eraiki daitezke halako hitz eta egitura umilez, literaturaren funtsa inola ere galdu gabe. Aitzitik, literatura eta hizkuntza helarazten lehen egon ezin zen txokoetan”.

Lau liburuak argi etiketatuta daude IE logotipoarekin. Logotipo hori izateak bermatzen du liburu horrek osoki betetzen dituela hizkuntzari, edukiari eta diseinuari dagozkien arau eta ildoak.

Irakurketa klubak

IEko lehen irakurketa klubak Alhondiga Bilbaoko Mediateka BBKn gauzatu ziren, baina gazteleraz soilik. Nahiz eta euskaraz ere aritzeko gogoa eta asmoa izan, orduan ez zen euskarazko materialik. Horren ondorioz bihurtu zen Alhondiga Bilbao proiektuaren erabateko laguntzaile eta, horrela, 2014ko udazkenetik aurrera euskarazko klubak ere antolatzen hasiak dira.

Blanca Matak eskarmentu handia du mota horretako klubak gidatzen, eta esperientzia zinez zirraragarria dela azpimarratzen du, “irakurleak beldurrik gabe eta naturaltasun osoz irakurtzen eta liburua komentatzen ikusten dituzulako, gogo biziz, testua ulertu dutelako, irakurketarekin gozatzen dutelako. Eta bihotzez eskertzen dizute, sinetsita zeudelako ez zutela berriz irakurtzeko aukerarik izango, aspertu egingo zirela, edo ez zutela tutik ere ulertuko”. Uste ilun horiek, zorionez, ustel: liburuen istorioak uler eta goza ditzakete.