Izenburua: Portuak.
Idazlea: Oihana Arana.
Adin-tartea: 13tik aurrera.
Orrialde kopurua: 90 (formatu handia: 240×170 mm).
Gaiak: nerabezaroaren igarobideak, adiskidetasuna, gorputza, harremanak,
heriotza, maitasuna, baloreen transmisioa…
Prezioa: 13,50 euro (Gaumin argitaletxea)
Portuak liburuaren sinopsia:
Noiz uzten diogu haur izateari? Noiz egiten gara heldu? Nerabetasunaren galdera ikur handiei erantzun txikiak ematera dator Ilargiren nerabezaroaren argazki panoramikoa den “Portuak” eleberria. Garai lurrikaratsu horretan, gorputzarekin, lagunekin, etxekoekin, heriotzarekin… izandako harremana kontatzen du etorkizuneko Ilargik, aitona Matiasek herentzian utzitako portuekiko obsesioa ardatz.
Istorioan zehar, protagonista bereziki arduratuko da ingurukoen (familiakoen, lagunen…) zaintzaz, eta horretan dabilela, hautsi beharreko hainbat estereotiporekin egingo du topo. Nerabe izatetik heldu izaterako muga igarotzen lagunduko dion pausoa izango da horiei aurre egitea.
Pixkanaka pasatuko da Ilargi itsaso zabalean noraezean ibiltzetik, portuan amarratuta egotera. Agian ideia hobea zen itsaso zabalean noraezean jarraitzea. Batek daki!
Oihana Arana eta Portuak, motzean
Nor da Oihana Arana?
Oihana da ilargiari begi txikiekin begiratzea, eta horretan dabilela burura etorritakoak paper zaharretan zirriborratzea maite duen neska bat. Idatzi dituen hitz gehienen bizileku eternala mesanotxeko kaxoia da, eta «Portuak» proiektua izan da hitzak kaxoietatik ateratzera eraman duen lehenengo proiektua.
Nor da Ilargi?
Ilargi nerabezaroko munstro askoren pertsonifikazioa da. Galdera zatiekin sortutako pertsonaia, erantzunik aurkituko ez duela jakinagatik, erantzun bila dabilena. Galdera guztien erantzunak beste galdera batean hasten direla ikasiko du pixkanaka.
Zer da “Portuak”?
«Portuak» gauza asko da. Sorpresa bat izan zen hasieran, korapilo bat geroago, galdera-ikur handi asko… ikasketa prozesu harrigarriki motz, baina emankorra izan da. Bizkarretik beso pila batek bultzatu ondoren, egindako aurreneko pausoa da.
Posible da inposiblea? (Liburua “inposible” batetik sortu zelako).
Posible da, bai. Posible da inposibletzat, eginezintzat, ia amestzat geneuzkan kontuak egitea, ez da erraza, bi lan daudelako atzean: batetik, posible dela onartzea eta bestetik, egitea. Baina lortu daiteke.
Malen Amenabar.
Azalaren egilea nik aukeratu nezakeela jakin nuen unean bertan erabaki nuen Malenen azala nahi nuela; egun hartan jaso nuen haren baiezkoa. Orain dela urtetxo batzuk ezagutu genuen elkar, eta badakit emaitza oso eder eta esanguratsuak dakartzala Malenen lanak, hortaz, banekien gustatuko zitzaidala emaitza. Oso pozik nago egin duen lanarekin, izugarria iruditzen zait azala.
Lagunak.
Oso ondo zaindu nauen jendea izan dut inguruan. Proiektua onartu nuela esan nien momentutik uneoro laguntzeko prest izan ditut lagunak, proiektua nik zaindu dut eta haiek ni. Talde lana.
Urruzunotarrak.
Lagunak atalaren barruan sartuko nuke hau ere, izan ere, babes sare oso handia izan da hauek eskaini didatena. Egindako galdera, iradokizun, eta proposamen guztiak erantzun dituzte; era zuzenean hartu dute parte proiektuan. Haiei irakurritakoetatik sortu nituen portuen inguruko hausnarketetako asko eta asko, gero proiektuari forma eman diotenak. Ederra izan da elkarrekin lan egitea.
Istorio.
Oso polita izan da istorio pila bat istorio bakarrean sartzeko ahaleginean aritzea. Istorioaren nondik norakoak pentsatzen nenbilela, kalera irteten nintzen inspirazio delakoaren bila, eta ederrak iruditzen zitzaizkidan irudiak koaderno gorri batean apuntatzen nituen. Asko edan du «Portuak» eleberriak zerrenda horretatik.
Etorkizuna.
Etorkizunari bertigo apurtxo batekin, baina irribarrez begiratu izan diot beti, eta orain ere hala nago. Beldur apur bat ematen du horrenbeste mimoz ondutako lana, eta, beraz, barruan dudan idazletxoa ere, plaza publikora ateratzeak. Pozik nago egin dugun lanarekin, eta gustura gelditu izanaren segurtasunarekin ekingo diot etapa berri honi, baina badauzkat badaezpadako sareak eta besoak.
Azala eta diseinua
Malen Amenabar diseinatzailearen iritzia Oihana Arana lagunaz eta Portuak liburuko azalaren bere lanaz
Bertso Udalekuetan ezagutu nuen Oihana. 2014an, esango nuke. Bere begiralea izan naiz ordutik ekimen desberdinetan. Harreman polita eraiki dugu. Horregatik poztu eta emozionatu nintzen bere lehen lanaren berri eman zigunean. Are gehiago, portada egiteko eskatu zidanean.
Txundituta irakurri dut testua. Oihanaren lan denak entzun eta irakurri izan ditudan bezala. Eta konturatu naiz Ilargi bezalako jende gehiago behar dituela gaur egungo irakurle gazteak. Egiak kontatzen didana. Ai, guk ere horrelako erreferenteak izan bagenitu…
Ispilu baten aurrean jartzen du irakurlea. Horregatik irudikatu dut pertsonaia bere buruari begira. Eskuan, kontrolpean. Baina txiki. Denok baikara zaurgarriak itsaso zabalean. Eskerrak Oihanak portuak sortu dizkigun.
Plazera da lagunekin lan egitea.
Malen Amenabar