Zer da Irakurketa Erraza?

Bere webgunean azaltzen du egoki Fernando Morillo idazleak zer den Irakurketa Erraza: hementxe.

Eta hona Morillok berak azaldutakoa bi bideotan:

Zer da Irakurketa Erraza? Sarrera laburra - Fernando Morillo Grande (Sorginetxe)Irakurketa Errazaren ezaugarriak - Fernando Morillo (Sorginetxe)

Ixtebe Pellot, azken kortsarioa

pellot-euskal-kortsarioa-azala_baxua-3

Idazlea: Fernando Morillo
Adin tartea: 14tik aurrera
Orrialde kopurua: 72
Gaia: Euskal piratak, abenturak, askatasuna, itsasoa, maitasuna…
Prezioa: 13,50 euro

LIBURUAREN HASIERA
INFORMAZIO GEHIAGO hementxe, idazlearen webgunean

Sinopsia: 

Bizitza batzuk zailak dira sinesten.
Hain dira ausart, noble, umoretsu, nekaezinak,
existitu daitezkeenik ere ezin dugu ia sinetsi.
Baina hor dugu Ixtebe Pellot, azken kortsarioa.
Itsas-borroka etengabean, askotan hartu zuten preso.
Arriskuz arrisku, sekula etsi gabe, beti egin zuen ihes.
Musika eta dantza maite zituen, eta karkaraz erantzuten zion minari.
Begietara begiratzen zuen. Continuar leyendo «Ixtebe Pellot, azken kortsarioa»

Zer da Irakurketa Erraza? Sarrera laburra

Irakurtzean ulertzeko arazoak dituztenei laguntzeko espreski sortutako sistema da. Askotariko koskak izan daitezke: denetariko zailtasunak  (dislexia, bista edo kontzentrazio arazoak, down sindromea…), hizkuntza ulertzeko (euskara, etorkinak…). Urteetan ibili naiz euskal literaturaren bideetan, idazten eta, neurri handi batean, herriz herri sorkuntzaz solasean. Horrexek erakutsi dit zenbaterainokoa den gure premia larria testu irakurterrazak izateko. Euskaraz bereziki. Urteak daramatzat testu erakargarriak osatzeko ahaleginean, euskal irakurle gazteak “harrapatzeko”. Irakurketa Erraza formatua pauso (handi) bat gehiago da helburu horretan. Helburua da istorio duin bat osatzea, traba izan daitezkeen guztiak albo batera utzita: letra tamaina handixeagoa, lerroak egoki etenak ulermenari laguntzeko, oinarrizko hiztegia… Informazio gehiago hementxe, edota nire webgunean bertan.

(Fernando Morillo Grande, Sorginetxe).

Aitor Aranaren «Atejolea eta Izaki misteriotsua»

 

Atejolea eta Izaki misteriotsua

Aitor Arana idazleak liburu berria bat dakarkigu! Atejolea eta Izaki misteriotsua. Beldurra eta misterioa nagusi, eta Irakurketa Erraza formatuan dago gainera.

Hauxe da sinopsia:

Zer da beldurra?
Izaki misteriotsuen istorio beldurgarriak
benetakoak ote dira?
Beharbada ez, eta gure beldurrek sortzen dituzte.
Edo beharbada gure desiren irrikek.
Baina kontuz, beharbada bene-benetakoak dira.
Eta egunen batean mamu bat
zure logelan sartu nahian ibiliko da.
Edo beharbada zure desirak betetzeko aukera duzu,
baina hori ez da zuk uste bezain ona…
Bi istorio beldurgarri hauetan bezala. Continuar leyendo «Aitor Aranaren «Atejolea eta Izaki misteriotsua»»

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Ixtebe Pellot azken kortsarioa

Duela bi urte, Maddi eta euskal piratak idatzi nuen. Han, zenbait euskal pirata historikoren gorabeherak kontatu nituen, Maddiren ikuspegitik (eta Mikel Mendibil marrazkilariaren irudiekin). Euskal pirata (edo kortsario) haien pasadizoak eta bizitzak ikertzean, oso erakargarriak egin zitzaizkidan. Haietako bakoitzak liburu mardul oso bat mereziko luke!

Orain aukera izan dut Hendaiako Ixtebe Pellot kortsario handiaren bizitza nobelatzeko. Irakurketa Erraza formatuan idatzita dago (Irakurketa Erraza zer den jakin nahi baduzue, hemen dago informazio zabalagoa).

Pellotek sekulako abenturak bizi izan zituen. 13 urterekin joan zen etxetik, soldadu batzuekin. Hendaiarra izanik, berehala entzun zuen, ozen entzun ere, itsasoaren tentazioa. Eta kortsario hasi zen oso gaztetatik. Hamaika itsas-borroka izan zituen. Egundoko ausardia zuen, egundoko saltoak egiten zituen (Napoleon bera harritu zuen saltoka), eta ia-ia beti zegoen umore onez. Borroka ugari irabazi arren, galdu ere galdu zituen batzuk. Eta atxilotu egiten zuten. Eta horiexetan erakusten zuen Pellotek bere izaeraren distira handia. Behin eta berriro egiten zuen ihes, modu sinesgaitzetan gainera. “Euskal azeria” esan zioten, azeria bezain bizia eta harrapa-zaila zelako.

Liburu honetan aurkituko dituzue Pelloten abenturatako asko. Bere umorearen adibide ugari. Eta bere nobleziarena. Lagunen lagun aparta, etsaiak ere lagun bihurtzeko moduko gizona izan zen.

On egin!

Continuar leyendo «Ixtebe Pellot azken kortsarioa»

Liburu berriak

Liburu berriak

Irakurketa Errazeko liburuen zerrenda handitzen doa pixkanaka. Oraingoan, gaztetxoentzako «Amaia udalekuetan» idatzi digu Onintze Goitiz-ek, eta Bilbo hiribildu bihurtu zeneko eleberri historikoa Laida Martinez-ek. Zorionak bioi, neskak!

Erdi Aroko egunak

Erdi Aroko egunak

Laida Martinez Navarrok idatzitako liburuak argia ikusi du jadanik. «Erraz irakurtzeko» sailan argitaratu dugu, Mikel Mendibilen ilustrazioez lagunduta. Hona hemen sinopsia:

Itsasadarra duen herri txikia da Bilbo.
Joanes soldadu joan da Gaztelako gudara, On Diego Lopez Harokoarekin.
Atzean utzi du gustatzen ez zaion bizimodua
eta Argia, Katixa eta Uria jauna bere lagunak:
Argia berarekin erdi-maiteminduta dago;
Katixak ondo ezagutzen ditu mutilaren akatsak;
eta Uria jaunak Bilbo handitu nahi du merkataritza erabiliz.
On Diegok Jaurreria lapurtu zion bere iloba Mariari,
eta orain andreak hura berreskuratu nahi du.
Zenbat maitasun, guda, historia…
Denetarik izan zen Bilbon Erdi Aroko egunetan!

Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa

Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa

«Istorioak partekatzeko gozamena» titulupean, Irakurketa Errazeko Kluben I. Topaketa egingo da datorren larunbatean Bilbon. Eztabaidarako eta esperientzia-trukerako espazioa izango da, eta Irakurketa Errazeko Kluben inguruko jendea bilduko du: irakasle, animatzaile, irakurle… 2012tik hona, dagoeneko 30 klubetik gora ditugu Euskal Herrian, horietako batzuk euskaraz. Topaketa Bilboko Mediateka BBK Azkuna Zentroan izango da, maiatzaren 16an, goizez. Egitaraua Larunbata, maiatzak 16 (Bastida Aretoa) 09.30-11-00: Workshop, lan-taldeak Profesionalei (liburuzain, elkarte, dinamizatzaile…) eta irakurketa klubetako partaideei zuzendua. 12.00-14.00: Ondorioak bateratzeko unea. Irakurketa Errazean interesatuta dagoen orori irekia. Graphic Recording: Mercedes Corretge. Izen-emateko AZKUNA ZENTROA Alhóndiga Bilbao Punto de información: INFOPUNTUA Teléfono: 944 014 014

Koldo Mitxelenako klubak oporretan

Koldo Mitxelenako klubak oporretan

Koldo Mitxelena Liburutegian astero elkartu dira Irakurketa Errazeko klubak otsail-martxoan. Legazpi6 euskaltegiko ikasleek eta Bagera elkarteko partaideek osatutako klubek «Santiago Bidearen misterioa» eta «Txernobil txiki bat etxe bakoitzean» irakurri dituzte hurrenez hurren. Orain, jai-egunak datoz. Eta ondoren, klub berriak abiatuko dira. Laster emango dizuegu horien berri.

Gero eta klub gehiago euskaraz!

Gero eta klub gehiago euskaraz!

2014ko udazkenean abiatu zen lehen Irakurketa Errazeko euskarazko kluba. Bilbon izan zen, AlhondigaBilbaoko MediatekaBBKn. Bertendona ikastetxeko ikasleak astero bildu ziren «Rif mendietako ura» irakurtzeko. Oso ondo pasatu omen zuten, giro erabat ludikoan irakurri baitzuten liburua.

Otsailean bigarren kluba jarri zen martxan MediatekaBBKn. Oraingoan, euskara ikasten dabilen talde bat biltzen da. Italiar, ukrainar, andaluziar… Denetarik dago talde horretan, eta oso giro onean ari dira «Santiago Bidearen misterioa irakurtzen».

Donostiako Koldo Mitxelena Liburutegia ere Irakurketa Erraza mugimenduarekin oso interesatua agertu da hasieratik, eta liburu berrien argitalpena sustatzeaz gain, Gipuzkoako lehen klubak ere antolatu ditu liburutegian. Hona hemen horretarako dituzten arrazoiak, Frantxis Lopez-en hitzetan:

«Irakurketa Errazaren aldeko apustua egin dugu jendeen artean izaten den ikusten ditugun irakurtzeko zailtasunak gainditzen lagundu nahi dugulako. Liburutegi guztien helburu nagusienetakoa alfabetatze-gabeziak gainditzen laguntzea baita. Gizartearen %30ak irakurtzeko zailtasunak izan ditzakeela kontutan hartuta, Lectura Fácil Euskadi – Irakurketa Erraza taldearen laguntzarekin lanari ekin diogu. Euskal Herrian, aipaturiko gabezia areagotu egiten da euskaldun jende askok ikasketak erdaraz gauzatu baitzituen eta euskaraz alfabetatzerik lortu ez duelako oso positiboa ikusten dugu hemen bildu den irakurle kopurua, eta baita euskal idazleek irakurketa errazaren oinarrietan sortzeko ahalegina.»

Haurrentzako lehen IEko liburua

Haurrentzako lehen IEko liburua

Max Bilbon bizi da liburua, Laida Martínez Navarro idazle bilbotarraren testuak eta Asier Sanz Nietoren irudiak dituen eta euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu den lana, Hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta DislebiApnabiAspaceDown Sindromea Fundazioa eta beste hainbat elkarteetan banatu da. Horrez gain, liburu-dendatan salgai dago eta Udal Liburutegi Sarean maileguan hartu daiteke.Bilboko Udalaren ekimenez argitaratu den liburuak Max du protagonista, 9 urteko ume totela. Istorioak integrazioa eta adiskidetasuna azpimarratzen ditu, eta baita norbera bizi den herriarekiko maitasuna ere, kasu honetan Bilbo.

Umeak amarekin irakurtzen Max Bilbon bizi da liburua euskaraz haurrentzat argitaratu den Irakurketa Errazeko lehen obra da. 2014ko udaberrian argitaratu ziren IE formatuko euskarazko lehen lau eleberriak, baina helduei zuzendutakoak. Gazteleraz ere oso gutxi dira haurrei zuzendutako IEko materialak. BIlboko Udalak egitasmo horren bidez, Irakurketa Erraza hedatu eta formatu horretan sortutako literatura egitea bultzatu nahi du.Max Bilbon bizi da umeei dago zuzenduta batez ere. Izan ere, ume askorentzat irakurtzea ez da erraza, batzuen kasuan, ikasketa zailtasun bereziak dituztelako eta material egokirik ez dutelako. Beste alde batetik, Estatu kanpotik heldu diren umeak edo familia etorkinetan jaiotakoak gero eta gehiago dira, eta ume horiek zailtasunak dituzte bi hizkuntza ofizial dituen ingurunean. Liburu honek oztopo horiek gainditzen ere lagundu gura du, irakurzaletasuna eta irakurtzeko ohitura eta hizkuntzaren ezagutza bultzatuz eta, aldi berean, Bilbo eta bertako elementu enblematikoenak erakutsiz.

neska irakurketa errazan

Irakurketa Erraza erakusketa

Irakurketa Erraza erakusketa

Lectura Fácil Euskadi –  Irakurketa Erraza entitatea osatu duen «Irakurketa plazera eta eskubidea delako» erakusketa inauguratu da jadanik.

AlhóndigaBilbaoko Mediateka BBKn abidatu zen erakusketaren ibilbidea, eta datozen hilabeteotan Euskal Herriko hainbat herritan ikusi ahal izango da.

 

Irailaren 15etik 26ra: Eibarko Juan San Martin Liburutegia

Urriaren 2tik 17ra: Koldo Mitxelena Kulturgunea (Donostia)

Urriaren 20tik 26ra: Iurretako Herriko Biblioteka (Iurreta)

Azaroaren 3tik 30era: Ignacio Aldecoa Kultur Etxea (Vitoria-Gasteiz)

Abenduaren 1etik 6ra: Lazarraga Liburutegia. Aguraingo Udal Liburutegia (Agurain-Salvatierra)

Abenduaren 9tik urtarrilaren 7ra: Donostiako Udal Liburutegiak

 

Irakurketa Erraza zer den azaltzen duten hainbat material bildu dira erakusketan, eta asmoa informazio hau ahalik eta herritar gehienengana helarazea da. Informazioa duten panelak euskaraz eta gazteleraz daude, eta horretaz gain, irakurketa kluben inguruko bideoak ere ikus daitezke.

Idazketa prozesuaz konszienteago izatera bultzatu nau IEk

Idazketa prozesuaz konszienteago izatera bultzatu nau IEk

Ander Izagirre. Kazetaria eta idazle da. “Idazterakoan erabiltzen ditugun hainbat baliabide baztertu edo aldatu egin behar horrek idazketa prozesuaz konszienteago izatera bultzatu nau”.

(Donostia, 1976) (Twiterren @anderiza) Hainbat gai jorratu ditu bere kronika eta liburuetan (Kolonbia, Pakistan, Bolivia, Argentina…) Bere lanakwww.anderiza.com:

ander-izagirre-txernobil

 

– Irakurketa Erraza formatuan euskaraz argitaratuko diren lehen liburuetako bat da zeurea. Proposamena jasotzean, ezagutzen zenuen mugimendua? Horrelako lanen beharra ikusten duzu?

Ez nuen Irakurketa Errazaren mugimendua ezagutzen baina oso ideia polita iruditu zitzaidan, irakurtzeko zailtasunak dituztenei ere irakurketaren gozamena zabaltzea eta istorio berriak ezagutaraztea. Euskara ikasten dabiltzanentzat eta euskaraz alfabetatu ez ziren belaunaldientzat ere material egokia da, gainera. Egia esateko, liburua proposatu zidaten garaian oso lanpetuta nenbilen eta ez nuen beste lanik hartu nahi inolaz ere, baina asmo honek merezi zuela iruditu zitzaidan. Poza ematen dit horrelako ekimen batean parte hartu ahal izateak.

– Nola sentitu zara zuzenean formatu honetan idaztean? Erraza da erraz idaztea?

Ez zait erraza gertatu erraz idaztea. Ariketa zaila eta polita izan da: normalean, idazterakoan erabiltzen ditugun hainbat baliabide baztertu edo aldatu egin behar horrek idazketa prozesuaz konszienteago izatera bultzatu nau. Kosta egin zait baina gimnasia polita izan dela uste dut. Eta liburu honek zerbaitetaz jabetzeko balio izan dit: Txernobilen ezagutu genuen historia, berez, oso indartsua, kezkagarria eta erakargarria da. Eta idazkera xumeenarekin ere, historiak oso indartsu izaten jarraitzen du.

– Txernobil txiki bat etxe bakoitzean: erralitatea pertsonaia fiktizioen hitzetan kontatua. Zer aurkituko dugu obra honetan?

Liburu honetan Txernobilen inguruan ezagutu nituen pertsona batzuen istorioak topatuko ditugu. Katastrofe nuklearra konpontzeko erreaktoretik gertu lan egin zuen soldadu bat, ihes egin behar izan zuen neska bat, gaur egun Eremu Debekatuan lan egiten duten langileak… Euren istorioak fikziozko pertsonaietan haragitu ditut, kontakizuna errazagoa eta garbiagoa izan dadin, baina Txernobilek suntsitu zuen gizarte baten benetako isla dira istorio horiek.

txernobil-txiki-bat

Irakurketa Erraza ezinbesteko tresna

Irakurketa Erraza ezinbesteko tresna

Bi urte ere ez Irakurketa Erraza (IE) hitzak entzuten hasi ginela. “Zer ote da hori?”, pentsatu genuen askok eta askok Blanca Mata atez-ate hasi zenean. Hitz gutxitan, Irakurketa Erraza zera da: testuak, ikus-entzunezkoak eta multimedia materiala eskaintzeko formatu jakin bat, irakurtzeko edota ulertzeko arazoak dituzten pertsonei zuzendutakoa.“Muga fisiko, psikiko nahiz sozialengatik irakurketaz gozatzeko aukerarik ez dutenentzat ezinbestekoa da Irakurketa Erraza” dio Blancak behin eta berriz, IE zertarako den galdetzen diotenean.

Lectura Fácil Euskadi-Irakurketa Erraza entitatea lanean hasi eta bi urte eskasera, IE formatuan argitaraturiko lehen lau eleberriak aurkeztu zituen Gaumin Argitaletxeak. Fernando Morillo idazle eta Gaumin argitaletxeko sortzailearen hitzetan: “Ezinbestekoa zaigu IE formatuko literatura euskal esparruan, besteak beste gazteleraz edo frantsesez alfabetizatu ziren belaunaldientzat, edota oraintxe euskara ikasten dabiltzan milaka lagunentzat. Behar-beharrezko tresna da euskararen normalizaziorako”.

 

“Gure helburu nagusia gazteek literatura maitatzea eta gozatzea da, irakurtzea behar gisa ez sentitzea. Horrela soilik irabaziko baititugu irakurleak, betiko irakurleak” azaltzen du Fernando Morillok argitaletxearen webgunean. “Euskarak berezko arazo larria du irakurleei dagokienez. Estatistiken mozorroak mozorro, euskarak duen irakurle kopuru erreala beldurgarriro txikia da” zehaztu du gaur goizeko aurkezpenean. Dioenez, herritar erabat euskaldun askori ere askozaz gaitzagoa egiten zaie euskaraz irakurtzea, erdaraz baino. Sarri, irakurle helduen iritziak eta erreguak iritsi omen zaizkie: “Euskaraz irakurri nahi dute, baina ohiko literatura zaila egiten zaie. Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, eta narratiba erraz baina helduago baten gose eta beharrez dira”.

irakurketa-erraza-logo

Eskaera horri erantzun nahirik, eta IE mugimenduaren helburuekin erabat uztartzen zela ikusirik, Blanca Matarekin harremanetan jarri zen Gaumin. “Hainbat elkarte eta enpresarekin kolaborazio hitzarmenak sinatzeaz gain, Bizkaia aldean hogei bat Irakurketa Klub abiarazi ditugu. Denak ere gazteleraz, euskaraz ez baitzegoen horrelako materialik” dio LFE-ko kideak.

Gaurtik aurrera, bada non aukeratu euskaraz IE formatuan irakurri nahi dutenentzat. Batetik, katalanetik itzulitako Montse Flores Pallarès-en Rif mendietako ura eta Núria Martí Constans-en Traizioa lakuan eleberriak dituzte. Bestetik, zuzenean euskaraz idatzi diren Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa. Gai aldetik zeharo ezberdinak laurak ere, irakurle bakoitzak bere gogokoa hauta dezan.

AlhondigaBilbao hasieratik interesatu zen IE mugimenduan, eta haien laguntza izan dute euskaraz idatzi diren bi liburuen argitalpenek.AlhondigaBilbaon, Mediateka BBK-n gauzatu ziren, izan ere, lehen irakurketa klubak. Proiektu honen erabateko laguntzaile bihurtu da AlhondigaBilbao, euskarazko irakurleak eta sorkuntza bultzatzeko asmotan.

Grupo LF euskera

Ekitaldi publikoa ere egin zuen Gaumin Argitaletxeak, eta bertan izan ziren lau liburuen egileak.

Montse Flores Pallarès irakasle eta idazleak dioenez “Irakurketa ezinbesteko tresna da pertsonon osatze-bidean. IE formatuan dauden materialek lagundu egin didate ikaslea ikasketa-prozesuaren protagonista bihurtzen, eta, batez ere, hari erakusten irakurketa baliabide osoa dela mundua interpretatzen laguntzeko, ikasteko, gogoeta egiteko eta komunikatzeko, ez soilik heziketa garaian, bizitza osoan zehar baizik.”

Núria Martí Constans ere irakasle eta idazlea da. Hark dioenez, irakasle izateak asko lagundu dio IE formatuan idazten: “Ezagutzen nuelako ni kokatu beharreko maila, eta baita hartzaileen multzo bat ere”. Eta formatu errazean idaztearen inguruan galdetuta zera dio: “Beharbada horrexegatik beragatik, berehala ohitu nintzen IFLA-ren nazioarteko gidalerroetara, Irakurketa Errazeko idazketa arautzen dituztenak, eta ez naiz sekula estu sentitu haiek erabili behar izatean. Aitzitik, erronka ederra da norbaiti IEren bitartez helarazi ahal izatea literaturan sekula galdu behar ez litzatekeen emozioa.”

Ander Izagirre idazleak, berriz, hauxe dio idazketa prozesuaz: “Ez zait erraza gertatu erraz idaztea. Ariketa zaila eta polita izan da: normalean, idazterakoan erabiltzen ditugun hainbat baliabide baztertu edo aldatu egin behar horrek idazketa prozesuaz kontzienteago izatera bultzatu nau. Kosta egin zait baina gimnasia polita izan dela uste dut.”

Fernando Morillok dioenez, “istorio bat kontatzeko hamaika modu dago, eta hitz apur batzuk aski dira istorio zoragarri bat josteko”. Marrazkilari batek arkatz soil eta txiki batekin irudirik bikainena garatu dezakeela.