Idazlea: Fernando Morillo
Ilustrazioak: Mikel Mendibil
Adin tartea: 12-14 (eta hortik aurrera)
Orrialde kopurua: 144
Gaia: eskola-jazarpena, adiskidetasuna, heziketa, bazterketa, desberdin izatea…
Prezioa: 12,50 euro
LIBURUAREN FITXA
LIBURUAREN HASIERA
GIDA PEDAGOGIKOA
FERNANDO MORILLORI ELKARRIZKETA
AUDIOLIBURUA
IDAZLEAREN WEBGUNEA
Sinopsia:
Iriaren hirugarren ikastetxea. Ezagunak zaizkio eskolako zauri ezkutuak, eta neska urduri dago. Oharkabean pasatzen saiatuko da hasieran. Baina Unax izeneko mutil berezi eta markatua ere hasiberria da, eta koska krudel bat aurkituko dute berehala: Nora eta Martxel neba-arrebak, itxuraz ikastetxeko benetako jaun eta jabe, eta ikasle bakoitzari mingarrien nola jo jakiten maisu. Iria eta Unax izango dituzte jo-muga nagusietako bat.
Ikasle, irakasle eta gurasoen hamaika ardura, eztabaida eta ahalegin, egoera latzari buelta eman ahal izateko, adiskide, sentimendu eta ezustez beteriko trama ia poliziako batean.
Bullying-a edo eskola-jazarpena: beldurra ikastetxean
Eskolak ikasgunea behar luke, plazer eta motibazioz beteriko txokoa, bizitzak gero ekarriko dituen bideak ibiltzen ikasteko.
Sarritan, ez da.
Ikasle (eta irakasle!) ugariegirentzat, klasean bazterketaren eta ezinaren samina ikasten dute, eta mina isilean jasaten.
Nerabezaroa aldaketa garaia da. Orduan garatzen da nortasunaren alderik garrantzitsuenetakoa, eta horrexek bihurtzen du, ai, bereziki zaurgarria. Ikastetxea infernu txiki bat bilakatzeraino zenbaitetan.
Halakoetan, desberdina izatea ez da abantaila izan ohi. Aitzitik.
Jazarpena aztertzen duten psikologoen zerrendatan begiratzeak ileak lazten ditu: ezkutuko istripuak, erorketa tontoak, mehatxu sotilak, agresioak, basakeriak, txantxa iraingarriak, ausarkeriak, kolpeak, ziztadak, erredurak, hematomak, estropezuak, estortsioak…
Bakardadearen oihu ozenak eta barneko mamuak bazter guztietan. Min fisikoa eta, okerragoa dena, barnekoa. Iragarritako minaren aurretik dagoen beldurra, tortura bihurtzen dena. Betiere, zauri ezkutuak.
Gure aurpegiaren alderdi ilun hori islatzeko asmoa du istorioak, bere txikian. Profil desberdineko pertsonaiak eta egoerak irudikatu nahi izan ditut, egunero eskola-giroa ikusten eta bizitzen gabiltzan guztioi, izan ikasle, izan irakasle, guraso edo lagun, zer pentsatua emateko. Oinaze horri guztiari aurre nola egin diezaiokegun meditatzeko, eta ahal den neurrian desagerrarazten laguntzeko. Hala bedi.
Irudiak
Hemen ikusten dituzuen irudiak (liburukoak dira guztiak) Mikel Mendibilek egindakoak dira. Istorioaren tonuak eskatzen duten moduan, argi bezain ilunak. Iradokitzaileagoak, horrexegatik beragatik. Lan ederra Mikelena!
Kokapena: ai, beldurra
Ikastetxe bateko gela batean kokatzen da nobela. Arazodun gazteak daude klase horretan (hainbestetan bezala), eta gehienek dute zer ezkutatua, era batera edo bestera.
Kokapenik zehatzena, ziur asko, mina edo beldurra izan litezke. Beldurra nola biderkatzen den, kontrolatu ezin denean: ikasleena, irakasleena, gurasoena… Guztiek egin nahi dute zerbait, zaila, ordea, nola jakin zer den egokia.
Beste kokapen mota bat, akaso, gaiztakeriaren atzeko gaiztakeria litzateke. Hau da, gaiztakeriaen jatorrian, askotan, aurreko gaiztakeriaren bat gordetzen da. Horrek zaildu eta konplikatu egiten du korapilo oro askatzea.
Istorioaren “amuak”
Gazteek irakur dezaten, narrazio-hariak hurbil behar dituzte haiek. Iristen zaiela sentitu behar dute, protagonisten bizipenengatik, gaiagatik edota hizkeragatik.
Liburu honetan, pasio eta jardun gazteez harago, guztiok identifikatzen gaituzten bestelako “zeraren zera” madarikatu batzuk izango dira: zauriak, batik bat. Askotarikoak. Zeinahi ikastetxetan dira, tamalez, egoera latzak eta min egiten gozatzen dutenak. Edo min hori ikusi nahi ez dutenak. Edo besterik gabe ikusteko gauza ez direnak. Min horiek oihartzun egiten dute geure baitan, nahi baino hobeto ezagutzen ditugulako. Zoritxarrez.
Hizkuntzari berari dagokionez, ahalegin berezia dago testuan bi mutur (ezinbesteko baina gaitz) uztartzeko: euskararen zuzentasuna eta hurbiltasuna. Ahal bezain zuzena betiere, eta aldi berean ahal bezain ulergarri eta hurbila gazteentzat.
Hala izango ahal da!
Komunikabideak, prentsa, sareko kontuak…
Liburuari buruz egin didaten elkarrizketa bat hemen.
‘Bullying’ kasuak ia hirukoiztu egin dira azken bost urteetan (bideoa, eitb)