Txingudiko abentura sinesgaitza. Basajauna eta Lamia

Adina: 11-12tik aurrera.
102 orrialde (formatu handian: 170 x 240 mm).
Gaiak: euskal mitologia, euskal historia, adiskidetasuna, Txingudi ingurua, audioaren (ahotsaren) garrantzia, Hendaia, Irun, barne-beldurrak, Antton Abbadia.
Gaumin sormen-etxea, 2020.
Prezioa: 13,50 euro. 

Sinopsia

Euskal mitoak gure kaleetan, teknologia, historia, arte martzialak eta misterioa.

Enigma iluna agertu da Txingudin. Otsu lagunaren laguntza beharko dute Alarrek, Kaietek eta Nikolek, kondaira-gerra ezkutu baten erdian amaitu dutelako. Baditugu gure basoetan, gure herrietan ere, ikusten ez ditugun izaki mitikoak: Basajauna, Lamia, Inguma, Gaueko… Gure ilusioen edo beldurren zain. Nor da lagun? Nor etsai?

Altxor madarikatu baten bila dabiltza guztiak elkarren aurka, eta ederki astinduko dituzte Txingudi inguruko bazterrak: Aiako Harriak, Irugurutzetako labeak, Abbadia Eremua, Antxeta Irratia, San Martzial ermita, Gaztelu Zaharra…

Nola gainditu altxor madarikatura daramaten aztarnak eta probak? Audio ezkutu batzuetan grabaturiko igarkizunak asmatu behar. Argituko ote dituzte gazteek? Ez ote zaie beste izaki ilunen bat aurreratuko?

Hendaiako Antxeta Irratiaren laguntzarekin.

Abbadiaren sekretua liburuaren jarraipena

Abbadiaren sekretua liburuko bigarren zatia da.

Sarritan jaso dut Abbadiaren sekretua liburuari jarraipena egiteko eskaera. Etengabeko harrera ona eta istorioaren emaitza bikaina ikusita, eta gaia eta lekua oso gogoko ditudala kontuan harturik, liburuaren bigarren zatiari ekin nion. Txingudin girotzen da berriro, baina oraingoan ardatza Antton Abbadia izan beharrean, euskal mitologiara igaroko da: Basajauna, Lamia, Ilargi, Inguma edo Gaueko pertsonaiak ezagutuko dituzte liburuko protagonista gazteek.

Protagonista gazte berak, gehi beste neskato gazte bitxi bat

Txingudiko abentura sinesgaitza (Basajauna eta Lamia) liburuan, Abbadiaren sekretua liburuko protagonista gazte berak daude: Alar, Kaiet eta Nikole. Haietaz gain, Otsu neskatxa ere izango da oraingoan.

Alar Antton Abbadiaren antzekoa dela esan daiteke.

Kaiet, berriz, Anttonen anaia Arnaud Abbadiaren antzekoa. 

Eta Nikole, hirugarrenik, bi anaiak laguntzeko prest dagoen neskato argia eta arduratsua.

Otsu izango da taldeko laugarrena. Berezitasunez josia dago: aita japoniarra du eta ama txinatarra; oso txikia da, baina bereziki indartsu eta boteretsua, baita bera baino handiagoak direnekin ere; ordenagailuen barruan ibiltzen edo sarraila fisikoak ere hausten zeharo trebea; eta dena ikasteko irrika amaigabea du. Neska “desberdina” da, dudarik gabe.

Lagunek bikain elkar-osatzen dute, eta Basajaunari eta Lamiari laguntzeko prest izango dira… baina ez hasieratik.

Antxeta Irratiarekin elkarlanean

Betiere zerbait “bereziagoa” egin nahian, Antxeta Irratiko lagunekin hitz egiten aritu ginen Gaumin argitaletxetik. Gazteengana hobeto iritsi nahi zuten, haiei egoki azaldu ahal izateko ahotsaren eta ahozkotasunaren garrantzi handia. Neuk ere sarritan aurkitu dut halako kezka hainbat ikastetxetan, euskarari lotuak gehiegitan: nola lortu ahozkotasuna lantzea, eta nola sustatu euskaraz? 

Buruari bueltaka, elkarlan “literarioa” proposatu genien Antxeta Irratiko lagunei. Liburuan, istorioaren ardatz den misterioa argituz joateko, audioz eginiko aztarnak azalduko dira orriotan.

Pausoz pauso, Txingudi inguruko zenbait leku esanguratsutan (ikusi ondorengo atalean) zehar joango dira protagonista gazteak. Antxeta Irratiaren Hendaiako egoitza  bera ere izango da istorioaren agertokietako bat. 

Kokapenak

Abbadiaren sekretua liburuan bezala, Txingudi inguruan arituko dira protagonistak, eta bazter horietako zenbait leku deigarri eta interesgarri proposatzen zaizkie irakurleei: Hendaiako Kaneta Portua edota Antxeta Irratia bera, Aiako Harriak, Irugurutzetako labeak, Aitzondoko ur-jauzia, San Martzial ermita, Ama Xantalen baseliza, Zaisa Dorrea, Junkaleko Andre Mariaren eliza, Gaztelu Zaharra (Irungoa eta Hendaiakoa), eta abar.