Zer da Gaumin?

Gauaren unerik ilunena. Hori da gaumina. Misteriotsua eta sekretua. Sorginen dantza eroa hedatzen den ordua, eta kondaira zaharren doinu gozoa ereiten denekoa. Gauminean dena da sinesgarri. Dena zilegi. Eta bakardadearen itzal beltzetatik ortzadarrezko ametsak jaio daitezke, iritsi berriaren lotsaz, baina haurraren jakin-min aseezinaz. Gauminaren ilunean abiatzen da egunsenti distiratsura doan bidea. Eta orduan hasten dira harilkatzen, hitz eta irudiekin ilargiaren magia eta goizaren lehen izpi epelak. Istorio ederren erreinu amaiezina.

Egitasmoa

Istorio bakoitza elurrezko mendi bat da. Tori. Hemen dituzue bide berri baina luuuze honetako lehen tontorrak. Bidexka ezkutu guztiak jarraitu ditugu ehiza-txakur baten moduan, bila, usainka, marmarka. Bidaiarien ametsetatik edan dugu, eta zuen irrikak eta beldurrak bildumatu ditugu gure zorro zaharrean.

Barrurago joan nahi genuen. Bizi-sua sortzen den guneraino. Hitz gorien haginkadak sentitzeko eta geureganatzeko. Hizki-hariak zuen aterpe eta sutondo bihurtzeko.

Askotan galdetzen digutena: zenbat urtekoentzat? Dastatu lehen hitza. Lehen paragrafoa. Formak, doinuak, koloreak. Dagoen aholku on bakarra: tira egiten ez badizu, bota. Kiskaltzen ez bazaitu, bota. Eramaten ez bazaitu, bota. Itxi atea eta ospa hemendik. Orain, zure bidea beste bat da. Hurrengo batean elkartuko gara beharbada. Bitartean, ondo izan. Aio.

Baina zaila jarri nahiko dizugu.

Zu harrapatzen saiatuko gara, igual zure egarria gure egarria delako. Haur edo heldu, zorrotz edo zoro. Zu gu zara. Eta aldrebes. Edo izan zaitezke. Edo gaitezke. Horregatik, luzatu lepoa eta atera burua amildegi alderantz. Ukitu airea. Ikusi gogoa. Usaindu zirrara.

Hiru hitzetan: hona lehen pausoak. Estreinuak. Bihotz-jatetxe berri baten lehen platerak. Sukaldariaren urduritasuna. Behar bezain gozoa? Gazi-puntu aproposa? Sukaldariaren irribarrea: badaki baietz. Landu duelako. Osagaiak, eskua eta arima. Dena ematen bada ez da porrotik.

Eginda. Pintxo berezi baten lurrina. Antzematen duzue?

Zain da. Zuen zain.

On egin.